XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure Lurrari zuhaitzak bezela atxikitzen diogu.

Teilhard'en hitzez mintzatzeko: (gaur arratsean, lehenengo aldiz), gu gauden lur-mokorra berezirik ikustean, gure etorkitik kanpora jalgi naizela iruditu zait, eta multzo hetsi baten gaiñean ari nintzala; eta danok hutsunen igeritzen ari giñala, alkarri hestu-hestu heldurik, harrapatu eta erori aitziñeko bezperan bezela... Gizonak gizona du lagun.

Gizadia, aldiz, bakarrik dago... Gizadiaren ertzak eta hegiak antzeman ditut.

Beltza eta hutsa begiztatu ditut gaur Lurraren inguruan.

Hitz eder eta unkigarriak! Nork ez du gauez, noiz edo behin, izartegiko illunari so jarririk, Teilhard olerkariak horren egiazki azaldu digun bakardade-txorabio hori senditu? Pilloturik gabe dirudienez, nora ari da gure Lurraren untzia? Nora ari da mendeetan zehar, eten gabe itzulika eta jiraka Lurraren egazkin borobil hau? Eguzkiaren ingurutik zertarako? Eguzkia ere jiratzen eta aldatzen da zeruan.

Dana itzulikatzen da; baiña ezer ez doa iñorat.

Zabalaren hestua!.

Horrela, gizonak zerua miresten duenean, Sartre'ren esaera gogorrak larriturik begiratzen du: beharbada zerua hutsik dago.

Eta asaldatu egiten da.

Kosmoa mirestean, betidanik (ikus Pascal'en hitz ederrak, esate baterako) izialdura darraio miresteari.

Izialdura datxeko, hobeki mintzatzeko.

Pakea eta asaldua alkarrekin datoz Izartegiko ixiltasunetik.

Hori dala-ta, hunela zion Jeans izarlariak, bizi guziaz ortzeko leku zabal illunetara begiratu ondoren: Zertara biltzen da bizia? Neholaz ere ez dagokion Kosmo batera ia ustekabez erori; heriotzaren hotzak utzarazi artean, ondar-ale zatiño ziztrin bati bortizki heldu: teatro txiki batean oso ordu laburretan harropuztu... Halere badakigu, egia esateko, gure nahikunde eta desira guziak azkenean hutserako dirala; eta guk egindako guzia gure arrazarekin batera hilko dala, Kosmoa bizkitartean gu guziok sekulan izan ere ez bagiña bezelaxe geldituz ....

Egia haundiak! Egia lazgarriak!.

Bere hortan ere bildurtu egiten du Izartegiak.

Zergatik? Gu guztiz ohartu ez arren, Heriotza Oso horren zantzua belarriratzen digulako, nik uste.

Berriz ere Jeans'en hitzez esateko: Bere tarteen eskergarengatik ikaratzen gaitu Kosmoak.

Ezin asmatuzko bere denbora-neurriek gizadiaren kondaira osoa begizizta labur bat egiten dute.

Gure bakartasunaren sakonarengatik ikaratzen gaitu, gure bizilekuaren eremu-apurkeriagatik; ezen Lurreko ondartza guzietako ondar-ale baten millunen bat baizik ez baita gure ondar-aletxoa.

Baiña batez ere, gauza batengatik zaigu Izartegia ikaragarrienik: gure antzeko bizi-moldetik at, edo aurka, agertzen dalako.

Zenbatetaraiño izango da beraz ikaragarria azkeneko egun hartan, dana aspaldi ezkeroz hil ondorengo hartan alegia? Gizagorputz bakar batek ezin azalduzko tristuraz, histuraz, eta larriduraz, betetzen bagaitu, zer sendi ote dezake gizonak, gaurdanik beretik, Kosmo guzia egunen batean hillik eta illundurik somaturik, dana aspaldian nun-nahi geldirik eta ahazturik,(...).